XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beraz, egokiago litzateke, polipeptido hauek, hormona-mota berezi legez kontsideratzea eta zitokina edo zitokina pirogenikoak hitzez izendatzea, zelula askotan sortuz, zelula askoren gain gauzatzen dutelako beraien ekintza.

II. TERMORREGULAZIOA

Gorputzaren tenperatura, hipotalamoan kontrolatzen da.

Zerebro-zurtoinaren aintzineko zati honek, beste hainbat funtzio begetatibo kontrolatzeaz gain, hala nola, loa eta gosea, hipofisiko hormonen askapenerako faktoreak ere ekoizten ditu.

Gizakiok eta beste ornodun guztiek ere odol hotzeko animaliek barne, gorputzaren tenperatura, gorabehera edo tarte estu baten barruan mantentzen dugu.

Gorputz-tenperatura igo asmoz zenbait espeziek garatu dituzten mekanismoak nolakoak diren ikustea, oso arrigarria da.

Arrainak, adibidez, endotoxina bakterianoa injektatzen zaienean sukarra, ur azaletan igeri eginez garatzen dutela ikusi da.

Hipotalamoko zentru termorregulatzailea, bi eratako informazioa jasotzen duten neuronez osatua dago.

Informazio-mota bat, hipotalamo bera hornitzen duen odolaren tenperatura litzateke, eta bestea, larruazaleko hotz-bero hartzaileek nerbio-konexioen bidez bidaliko luketena.

Horrez gain, zentru honek tenperatura ziklikoki aldatzen duen sistema propioren bat ere badu.

Tenperaturaren erritmo zirkadiano legez ezagutzen den honek hiru berezitasun ditu:

1) pertsona bakoitzarekiko berezia izatea, 2) ingurugiroko tenperaturak bere gain eraginik ez izatea, eta 3) sukarrak berak ere ez oztopatzea, hau da, sukarra dagonean ere mantendu egiten da.

Hipotalamora heltzen den informazioa, lehendabizi bertan integratua izan ondoren, bide eferenteak erabiliz kanporatua izango da geroago, eta honako eragin hauexek gauzatuko ditu:

1. Inguruko odol-basoetan konstrikzioa edota dilatazioa eraginez, beroaren gordetzea edo galtzea bultzatu.

2. Beroa mantentzeko basokonstrikzioa nahikoa ez denean, muskuluak uzkurtuz beroa ekoiztu.

Erritmo zirkadianoa kontutan hartuz, zeinak tenperaturaren egokitze-puntua goizez bajuago eta arratsaldez altuago jartzen bait du, pertsona normalen hipotalamoko zentruaren egokitze-puntua, 36ampdeg; Ctik 37.8ampdeg; Cra bitartean mugitzen da.

Gradu bateko aldakuntza izaten du beraz, egunean zehar gure tenperaturak.

Sukarraldian, hipotalamoa, maila altuagoan berregokitzen da.

Gertakizun hau, geroxeago ikusiko dugunez, zitokina pirogenikoek zertzen dute.

Egokitze-puntu berri honek, nerbio-bide sinpatikoak erabiliz, gorputzaren periferiako odol-basoetan baso-konstrikzioa eraginez beroa gordetzea lortuko du.

Gainera, basokonstrikzioak berarekin dakarren hotz sentsazioak pertsonaren portaeran aldaketak sortzen ditu, hots, leku babestuak bilatzea, erropa gehiago jaztea, etab.; guzti hau gutxi balitz, beroa sortu asmoz, gorputza dardarka hasiko da.

Ekintza guzti hauen bidez, gorputz-tenperatura igotzea lortzen da azkenik, eta erreakzio guzti hauek, hipotalamoa hornitzen duen odol-tenperaturak, zentru termorregulatzailearen egokitze-puntuarekin bat egin arte jarraituko dute.